XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ama Birjinaren haragia gero eta urrunago, baina haren izpiritua gero eta hurbilago zuen San Jose bezalako santu bat izatea....

Eta San Josek Ama Birjina sentitzen zuen era berean, arimaren gesturik nobleena gizairudi bizikor batean harrapaturik geratzen den bezala, horrelaxe sentitu nahi izaten zuen Alejandrok Damiana, airean marraztu zuen azkeneko gestu noble hura bere oroimenean betirako zizelkatuz.

- Garizuma laster da eta... garizuman ezer ez....

Zer iruditzen zaizu?.

Alejandrok esaten zuen guztiari beti baietz ihardesten ohituta, baietz erantzun zion honetakoan ere Damianak.

Garizumako haratuztearen gainean beren gorputzetako haragia hiltzea erabaki zuten.

Beraz, hausterre eguna iritsi zenean, ezkontohea kendu eta beste bi ekar zitzaten agindu zuen Alejandrok.

Audaces fortuna juvat!- esan zion Damianari, ohetik ohera, hausterre gau hartan.

Handik gutxira lo zegien izpiritu hutsa zirudien Alejandrok.

Izpiritu eta haragiaren arteko burrukak bizi izan arren, gizon segurua zen Alejandro, edota segurtasun itxuraz jantzirik agertzen saiatzen zen bederen.

Haren errege izena eta Eliz Ama Santu Katoliko Apostoliko eta Romanoak, zeinaren kondiziogabeko zerbitzailea bait zen... izena eta Elizak, beraz, segur eta irmoki eusten zioten haren nortasunari.

Horregatik, lehenengo haurra jaio zitzaien egunean, haur jaioberria Aita Santu izatera irits zedin irrikitu zuen Alejandrok, edota gotzaina gutxienez....

- Apaiz ona izanda ere, konformatuko nintzake - erantzun zion Damianak irribarrez.

Hasteko San Agustin egunez zen jaioa.

Alejandroren ustez, San Joseren ondoren santurik bikainena.